Eusko Token

BILDUMA

PILOTA FANDOM

Pilota Fandom 18 kromo digitaleko bilduma bat da, hiru ardatzetan banatuta. Alde batetik, pilotaren balioei erreferentzia egiten dieten kromoak ditugu. Bestalde, kirolariak ilustratzen dituztenak, eta, azkenik, pilotari bakoitzaren konfiantzazko frontoien seriea. Era berean, koloreen arabera, kirolariz, balioz eta frontoiz osatutako familia bakoitza ikus daiteke.
OIER ALKORTA
(Azpeitia, 2000), 10 urte besterik ez zituela hasi zen palan jokatzen, lagunekin eta ia kasualitatez, baina ordutik ez da egon kirol honekin gozatu ez duen egunik. 2022. urtean debutatu zuen Bizkaia Frontoian.
EUSKAL NORTASUNA ETA KULTURA TRANSMITITZEA
Amatxiren eskutik jaso nuen lehenbiziko pala eta kirol honetan aritzeko zaletasuna. Uda sargorian bere herriko frontoiaren itzaletan babesturik, eskuak urratu arte orduak eta orduak pasatzen genituen jolasten. Uda igaro eta ikastolara itzultzean ere, palak edota eskupilotak pizten zuten atsedenaldiko giroa; izan ere, ikastolan 7 frontoi zeuden. Pareta haiek gure haurtzaroaren irri eta negarrak dituzte gordeta.
AZPEITIAKO FRONTOIA
1930. urtean eraikia, frontoi honetan lagunarteko eta profesional mailako partida amaigabeak jokatu dira, baita hainbat herri topaketa ere.
ENARA MACICIOR
Jatorriz Hernanikoa, Maciciorrek txikitatik palan jolasten du. Geroztik, asko izan dira irabazi dituen txapelketak, Sakanakoa, besteak beste.
ADISKIDETASUNA ETA ONGIZATEA
Kirolak, finean gorputza mugitzeak, edonor asebeteta eta konten utzi dezakeen errezetarako osagaiak ditu. Norbere buruarekiko erronkak eta helburuak, mimo pixka bat, adiskidetasuna, konstantzia, eboluzioa, lehiakortasun apurra eta on egin!
EREÑOTZUKO FRONTOIA
2013. urtean, pilotaleku honek bere kantxa ireki zuen lehen aldiz, Hernaniko Ereñotzu auzoko biztanleek bertako hormen artean gozatzeko aukera izan zezaten.
MIKEL MANCISIDOR
(Mutriku, 1999), anaia bikiaren pausoei jarraituta, zesta puntarekin hasi zen duela hamabost urte. Horrela, Winter Seriesen lehiatu izan da, besteak beste.
ADISKIDETASUNA ETA FRUSTRAZIOAREN KUDEAKETA
Frontoiko ezker paretan pilotak utzitako kolpe guztiak ikusten dira. Gero eta arrasto gehiago izan orduan eta miresmen handiagoa sentitzen dut frontoiarekiko. Zenbat partidu jokatu ote dira hemen? Zenbat pilotakada denera? Konta al daitezke tanto gutztiak? Eta bipareta, airez eta dejadaz egindakoak? Zenbat aldiz erori dira? Eta zenbatek izan dute altxatzen lagundu dien eskua?
MUTRIKUKO FRONTOI ZAHARRA
Gaur egun itxura bera ez duen arren, Gipuzkoako kostaldeko frontoi honek paper garrantzitsua jokatzen jarraitzen du zesta puntako jokalarien balentrian.
ENERITZ LIZARDI
Mutrikuar honek hiru urte zituenetik egiten du zesta punta, eta ordutik, esfortzu eta iraunkortasunez, erreferente bihurtu da kirol honetan hasi nahi duten guztientzat. Hala nola 22 urtez azpiko zesta Txapelketa Mundialean aritu ondoren.
KULTURAREN TRANSMISIOA
Kantxan ez dago adinik. Bi urte, bederatzi, hogeita bat, berrogeita hemeretzi, laurogeita bost. Pilota bakoitzaren eskuetara iristen denetik guztiz askatu arte urteak igaro daitezke. Bi paretetan egunero, astean behin edo urtean behin arituta ere zaila da handik ateratzea. Kantxak harrapatzen zaitu: jendearen zaratak, pilotaren abiadurak eta haren joan-etorriek. Bizia ala motela, gogorra ala goxoa. Bizitza bera bezalakoxea.
MUTRIKUKO FRONTOI BERRIA
Urteak igaro ondoren, pilotakadek marka uzten dute, eta batzuetan hormak margotu behar izaten dira seinale berriei lekua uzteko. Hau da frontoi honi gertatu zitzaiona duela urte batzuk.
BEÑAT GARMENDIA
Beñat Garmendiak (1997), esku pilotari beasaindarra da. Bere lehen pausuak Lazkaoko frontoian eman zituen, eta geroztik, hainbat lehiaketan burubelarri jokatu du kantxa esanguratsuenetan; besteak beste, Donostiako Atano II.an. Jokalaria izateaz gain, entrenatzaile gisa ere aritzen da.
LEIHATIK HARATAGO
Aldageletan, harmailetan, telebistaren eta irratiaren beste aldean, beroketan zein kantxan, lehiatik haratago dauden keinuek egiten dute oihartzuna frontoian.
LAZKAOKO FRONTOIA
Lazkao hainbat arrazoirengatik ezagutzen da, eta horietako bat pilota zaletasuna da; bere frontoian elkartutako pasioa.
NAROA AGIRRE
Naroa Agirrerentzat (Zestoa, 2003), Arroa-Goiko frontoian auzokideekin jolasten ari zela hasi zen pilota denbora-pasa gisa, eta gaur egun, pilotari profesionala da. Hainbat txapelketatan parte hartu du, bai nazioarte mailan, bai herri mailan, eta Alziran jokatutako 2023ko X. Munduko Pilota Txapelketan irabazle bikoitza izan da eta brontzea ere lortu du.
NORBERE BURUA EZAGUTZEKO AUKERA; NORBERARENGANDIK ETA BESTEENGANDIK IKASTEKO AUKERA
Frontoiak bakarka edota jendez inguratuta egoteko aukera ematen du. Izan kantxan edo harmailetan. Jokalari zein ikusle. Bata zein bestea, txanpon beraren bi aldeak. Infrentzuan egoteak dauzkan abantaila eta desabantailak. Frontoiak pilota jaurtitako indar berberaz erantzuten du. Norberak erabakitzen du zer eta nola galdetu.
ARROA GOIKOKO FRONTOIA
Auzo guztiek dute frontoi bat, elkargune bat jaietan, lehiaketetan edo familiako bazkarietan, eta, jakina, Zestoako auzo honek ere bai.